XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BRATTAHLID-EN, UHARTE BERDEAREN ITSAS-ERTZEAN.

985. urtean, Norvegiako migrarien ondorengoak ziren islandiar migrariek, Atlantikoko Iparmendebaldeko gizon zurien lehenengo egoitza eraiki zuten Groenlandiako hegomendebaldeko itsas-ertzean.

Kolonikuntza honen asieran, historian Erik Rauda (Erik Gorria) izenez ezagutzen den erbesteratu bat agertzen da.

Bere landetxeak - normaniko etxe luzeak - muino baten aldapean, fiord sakon eta luze baten azkenean eraikiak, izen adierazgarri bat darama: Brattahlid (Malda- Bizia).

Erik-en eraginez, Brattahlid azkar gehitzen da, gaur egun ezagunak ditugun familia-buru batzuek ekialdeko leku berean baserriak eraikitzen dituzten bitartean, Farewell muturraren iparraldean eta gaurko Juliane-haab herritik hurbil.

Ekialdeko egoitzek (Eastbygd) adierazten dute lurralde geografiko honen biztanleek zituzten lekuen multzoa.

Brattahlid-etik berrehun kilometrotara iparralderantz, aintzindariek mendebaldeko egoitzak eraiki zituzten (Westbygd).

1.000 garren urteko udaberrian, Leif Erikson, Erik-en semerik zaharrenak, mendebaldean lurrak idoro zituen: Helluland, Markland, Vinland; amerikar kontinentearen lurrak.

Zalantzarik gabe, Labrador, Ternua edo Terranova, San Lorenzo ibaiaren inguruak, edo Eskozia Berriko lur-muturra izango ziren.

Gero, beste batzuek jarraitu zieten, aberastasunez beteriko mundu berri honen erakartasunaz liluraturik.

Ordudanik, Brattahlid Ipar Atlantikoaren merkataritzaren ardatza bilakatzen da.

Harremanak Norvegiarekin eta Islandiarekin, ez badira erregularrak, bai, beintzat, naharoak.

Eta Vinlandiara egiten ziren joanaldiak, ohiturazkoak.

Erik Rauda eta bere semeen odisea, eta Brattahlid eta mendebaldeko mundu berriaren historia, izugarrizko balioa duten XIV. mendeko bi textutan kontatzen dira, islandiar hizkuntzaz.

Hauksbok eta Flatey-yarbok izeneko textu hauek beste aintzineko eskuzkribuak birridazten dituzte.

Textu horietan azaltzen dira Erik Gorriaren Saga eta Groenlandiarren Liburua, Uharte Berdearen (Groenlandiaren) kolonizazioa eta Vinlanderako bidaiak kontatuz.

Groenlandiaren historiak bost mende baino gutxiago iraun zuen.

Hain zori bikaina izan zuen herri bat, iluntasunean ezabatzen da XV. mendean.

Brattahlid eta beste egoitzak gau beltzean murgiltzen dira.

Bentura berezi baten bukaera harrigarri eta ustegabekoa.

Northmen of Adventure liburuan Charles Marshall Smith historilariak idatzi duen bezala: Erik Gorria, Leif eta Thordvald Erikson ez ziren alferrik bizi.

Ozeanoa zeharkatu, Vinland aurkitu zuten, eta gizonengan itsas-bidaia luzeak arruntak egin ziren.

Baina badago denontzat garai eta sasoi bat zeruaren azpian....

Egoitza honen amaieran misterio trinko bat datza.

Hala ere, hondakinak Groenlandiako herri honen garrantziaren lekukoak dira Brattahlid-en, Sandnes-en, Heriulfnes-en Undir Hofdi-n eta Eriksei-n, etxe luzeen zimenduek, harresien zatiek, elizen barne-luzegoek, zenbatezinezko haztarnek argi nabaritzen dute nolakoa izan zen Groenlandia zuriaren iragana.

Brattahlid, Heriulfnes, Gardar, Sandnes-eko hilerriek jakintsuen jakinminari eskeintzen dizkiote, ez bakarrik aintzineko viking hauen hezurrak, baizik eta xumeak baina hunkigarriak diren bizitzaren azalpenak lur izoztuan gordeta: ezpatak, aizkoren burdinak, tresnak, soinpekoak, kapak, oinetakoak, eta baita gotzain baten makulua eta gudari baten kaskoa ere.

Meadows-en Arkuan, Ternuako iparraldeko itsas-ertzean, Ingstad irakasleak argitara atera zituen groenlandiar egoitza baten oinarriak, bederatzi etxeen lekuak eta sutegi bat.

Altxor hauek baieztatzen dituzte Erik-en Sagaren eta Groenlandiarren Liburuaren deskribapenak.

Brattahlid agertzen zaigu leku garrantzitsua Ipar Atlantikoaren historian.